XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Narrazio batasungabe aurremodernoetan bezala, Obabakoak-en ere ez da identifikazioa eta errealismoa azpimarkatzen.

Narrazioak ez dio irakurleari ikuspuntu bakar bat eskaintzen errealitatearekiko.

Aitzitik, narrazio errealistak magikoez eta mitikoez nahasten dira, irakurlea liluratuz, bere atentzioa suspendituz.

Oraindik ere hurrunago joan gintezke bai geografian eta denboran honelako egitura aurremodernoak topatzeko, baina oraingoz historizitate bati huts egin ez diezaiogun, kasuistika antropologiko edo konparatibo batean sartzeko arriskuari ekidinez, Erdi Aroan behintzat izan direla esango dugu.

Bestalde eta modernitatearen amaieraraino etorrita, Hego Ameriketako tradizioan ikusten dugu joera hau, hala nola Rayuela, La tía Julia y el escribidor eta Cien años de soledad bezalako lanetan.

Lanok ere narrazio ez-bateratuek eta egitura magiko eta fantastikoek egituratzen dituzte.

Ondorioa beraz zera da, gizabanako baten alienazioa eta ekintza batasuna ematen duen narrazio-forma antropozentriko, errealista, gatazkati eta ez-mitikoa modernitatean bakarrik gertatu dela eta modernitatearekin batera desagertu direla Obabakoak lekuko.

Azkenik eta sail hau bukatzeko, Azken hitzaren bila-n bezalako narrazio egitura honek literatur modernoarekiko azaltzen duen beste diferentzia nagusia adieraziko nuke, alegia, bere ez-teleologikotasuna.

Beste hitz batzutan esateko, munduaren osotasunaren kontzientzia lortu duen literaturak, literatura modernoak ez bezala, telos bat azaltzeko interesa galtzen du, eta horregatik mitoaren eta magiaren konbentzioez baliatzen da berriro.

Hain zuzen, kasu hauxe da Erdi Aroko literaturarena (21) Orduan erlijioak bermatzen baitzuen munduaren osotasuna eta ordena. edo eta egungoarena.

Literatura hauek progresu baten, norantza bakar baten, zentzua galtzen dute, izan ere osotasunak progresio bakar eta lineal baten ideia deuseztatzen baitu.

Literatura ez-modernoetan desagertu egiten da interesa literatura modernoan ibilbidearen metaforaren bidez adierazten den telosarekiko.

Literatura ez-modernoek ez garamatzate lur berri batera, aurreko guztia zahar bihurtuko duen lur berri batera.

Aitzitik, beti ere etxean gaudela azpimarkatuz, bidezidor tipi eta lokalen lilura eta magia deskubritzen dute eta, batzutan, berauon tragedia ekidinezina halaber.

Hala, Obabakoak-en indarra honetan datza: erabiltzen dituen eredu aurremoderno hauek berriro modernitatearen amaia adierazteko azaltzen duten gaitasunean.